Alderdi sozialistaren parte hartze barik egingo du aurrera Arrasateko Hondakinen Mahaiak

Jokin Bereziartua Lizarazu 2014ko mar. 19a, 21:05
Hondakinen Mahaiak lortutako akordioa berretsi dute gaur Arrasaten egindako osoko bilkuran, Bildu, EAJ eta Aralarren aldeko botoekin (14) eta PSE-EEren kontrakoekin (4). 2013ko urriaren 23an aurkeztutako akordioari Udal akordio izaera eman diote gaur, hainbat gai izan dituen ezohiko osokoan.

Hondakinen Mahaiaren akordioa berresteko puntua izan da gairik eztabaidatuena.

Udal Gobernua: "Konfiantza osoa herritarrengan"

Azkenik, Udal Gobernuko bozeramaile Maider Morras oso pozik agertu da akordioarekin: "Herriaren nahia beteko duela uste dugu, herritarra hasi da ikusten dagoeneko herria egokitzen ari dela sistema berria martxan jartzeko. Alderdi sozialista ezik, denon artean akordioa lortu izana bera positiboa da. Baina gainera uste dugu herritarra gai izango dela jarri ditugun helburuak lortzeko. Herritarrengan konfiantza osoa dugu". PSE-EE ez egotearen gainean honakoa esan du Morrasek: "Denok batera egin behar dugu lan, baina alderdi sozialistak ez du lan hori gurekin egin gura, ez du bere jarrera aldatzeko asmorik. Ez dute bileratan parte hartu nahi, Hondakinen Mahaia utzi zuen hasieratik eta gaur ere ezezko hori berretsi dute. Oso penagarria da".

EAJ: "Sozialistek ez dute justifikaziorik ez egoteko"

Bestalde, EAJko Juan Karlos Garitanok, berriz, gogor salatu du alderdi sozialistak akordioaren aldeko saiakerarik egin ez izana: "Bosgarren edukiontziaren eta orokorrean edukiontzien sistemaren alde egonda, ez dugu ulertzen horrela desmarkatu izana eta ahaleginik ez egitea akordioaren alde. Guk konfiantza osoa dugu herritarrengan proposatu ditugun helburuak lortzeko".

PSE-EE: "Atez atekoa inposatzeko asmoa dago akordioaren atzean"

Kontra bozkatu duen alderdi sozialistako bozeramaile Aritz Arrietak honela azaldu du erabakia: "Akordioak jasotzen du birziklatzearen %70era heltzen ez bada atez atekoa inposatuko dela. Atez atekoa jartzeko nahia dago akordioaren atzean. Amaierako ohar edo koletilla horrekin ez gaude ados, eta mahaiak hartutako beste erabaki batzuk ez ditugu konpartitzen. EAJri esango genioke gauzak gaizki irteten badira eurak izango direla erantzuleak".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak