Aretxabaleta
Merkataritza sustatzeko hitzarmena sinatu dute
Atzo, maiatzak 15, sinatu zuten Udalak, Aretxarte merkatarien elkarteak eta Erostegi enpresak merkataritza sustatzeko hitzarmena. "Jendea non, giroa han. Aretxabaleta bizirik" leloarekin hainbat ekimen jarriko dituzte abian.
2008an sartzearekin batera hasi ziren herriko giroa eta era berean, merkataritza sustatzeko ekimenak egiten: umeendako puzgarriak jartzen hileko zapatu baten. Orain, hitzarmenarekin, bultzada handiagoa eman gura diote egitasmoari.
Txartelak erosleendako
Orain arte legez jarraituko dute hileko zapatu goiz baten gaztelu puzgarriak jartzen. Zerbitzu horregatik 4.000 euro ordainduko dizkio Udalak Erostegi enpresari, eta herriko txoko ezberdinetan jarriko dituzte: ekainaren 7an, esaterako, Loramendi kalean –Dorleta tabernaren atzeko partean–.
Horrez gain, herriko dendetan erosketak egitera bultzatzeko beste ekimen bat jarriko dute abian: puzgarriak dauden zapatuetan, Aretxarte elkarteko dendetan 25 eurotik gorako erosketak eginez gero txartelak banatuko dituzte; eta txartel horiekin Kioskoan gozokiak eskuratu ahal izango dituzte, Brasilena kafetegian kafe bat hartu eta Orly tabernan freskagarri bat.
32 denda Aretxarten
Aretxarte elkarte barruan herriko 32 denda daude, euren artean ile-apaindegi bi, kafetegi bat eta taberna bat. Aretxarteko ordezkari den Alberto Asensiok oraindik sartu barik dauden dendari eta tabernariei gertura daitezen esan zien: "Lanean hasita gaude, eta elkarrekin egotea garrantzitsua da".
Erostegiko eta Aretxarteko ordezkariak Lore Martinez Merkataritza zinegotziarekin. Argazkia handitu