Atez aterako ontziak hilaren 17tik 27ra bitartean hartu beharko dituzte aretxabaletarrek

Mirari Altube Arrese 2014ko eka. 5a, 16:23
Iturrigorri pilotalekuan egingo dute lau ontzien banaketa eta atarte bakoitzak egun bat izango du izendatuta; horren berri bando bidez emango die Udalak.

Atez ateko hondakin bilketa sistema abian jartzeko gertatze lanetan dabil Udala. Hala, azken zintzilikarioak jartzea bakarrik geratzen da. Guztira 55 bilketa gune egongo dira herrian, eta horietan 170 zutabe inguru.
 
Orain herritarren txanda dator, eta bilketa sistema horretarako beharrezkoak diren ontziak jasotzea dagokie. Ekainaren 17tik 27ra bitartean izango da hori, Iturrigorri pilotalekuan, 10:00etatik 13:00etara eta 15:00etatik 19:00etara. Banatuko dizkiete: bi ontzi marroi; bat urdina; eta beste bat grisa. Poltsa horiak ere banatuko dituzte, eta gida eta hiztegia.

Atarte bakoitzari egun bat ezarri diote ontzien bila joateko (bando bidez iragarriko dute). Beste egunen baten joanez gero ere emango dizkiote, baina ez du lehentasunik izango. Bila joateko nortasun agiriren bat eraman behar da; eta bertan, helbidea eta telefono zenbakia ere jakinarazi beharko ditu. Egun edukiontzi marroiaren erabiltzaile direnek ontzi marroia eta giltza itzuli beharko dituzte.

Landa-guneak

Landa-guneetan bizi direnek bost gune dituzte hondakinendako: Bainuetxe; Izurieta; Oro; Otala Zelai; eta Markoleko larrialdi gunea (Apotzagaetxebarri auzokoendako). Horiek giltzarekin edo txartelarekin, dagokion edukiontzira botako dute hondakin bakoitza.

Komertzio eta industria-guneetara dagoeneko hasita daude ontziak banatzen, baina aukeraketa data barruan egin ez zutenek biltegira joan beharko dute.

Atez atekoa uztailean

Data oraindik ez dute zehaztu Udal ordezkariek, baina atez ateko bilketa sistema uztailean abian izango da. Ontziak 19:00etatik 06:00etara bitartean atera ahal izango dira, dagokion egunean. Organikoa: martitzen, eguen eta domekan, ontzi marroian (gura duenak poltsa konpostagarria jarrita barruan). Ontzi arinak: eguaztenean eta zapatuan, plastikozko poltsetan. Papera eta kartoia, astelehenean, ontzi urdinean (poltsarik gabe). Errefusa, eguenean, ontzi grisean; eta pixoihalak, konpresak eta antzekoak egunero atera ahal izango dira plastikozko edozein poltsa erabilita. Poltsa konpostagarriak herriko hainbat dendetan jarriko dituzte salgai 1,40 euroren truke.

Beira (edukiontzi berdea), ehunkiak (edukiontzi zuria) eta olioa orain arte legez jasoko dituzte. Lore Martinez Axpe ingurumen zinegotziak jakinarazi du, gainera, ehunkiendako beste hiru edukiontzi jarriko dituztela, eta orain daudenak txukundu.

Argibideak Udalaren webgunean jarriko dituzte eta Hondakinen Informazio Gunean eman (943 25 06 82, hondakinak.aretxabaleta@debagoiena.com). Ontziak banatzeko laguntza ere eskatu dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak