2012-02-08 14:08:13 Maider Arregi
Greba deialdia egin dute ELA, LAB eta STEE-EILAS sindikatuek euskal sektore publikoan. Eusko Jaurlaritzaren "murrizketak" salatzeko. Hala, Antzuolan ere eskolako eta udaleko langileek bat egingo dute grebarekin.
Udal langileek 11:00etatik 15:00etara egingo dute lan uztea. Eskolan aldiz, arratsaldean, 14:30etik 16:30era. Goizean normal jardungo dute 9:00etatik 12:30etara; eta jangela zerbitzua ere egongo da.
2012-02-08 11:14:37 Maider Arregi
Elurragatik eta eguraldi txarraren ondorioz, atzeratu egin zuen Oihulari Clownek hasiera batean ikastaroari jarritako data. Hala, eta eguraldiak laguntzen badu, hilaren 26an, domekan, egingo da ikastaroa Lizarragako Laskurain Haundi baserrian.
2012-02-08 10:12:32 Maider Arregi
Gaztetxeko lanen gora beherak eta aurrera begira eman gura dituzten pausoak landuko dira barikuan deitu duten asanblada orokorrean. 22:30etik aurrera egingo da batzarra.
Antzuolako gaztetxearen etorkizuna zein izango den ere hausnartzeko aukera izango da asanbladan. Bestalde, gogoratu nahi dute, gaztetxeko ateak herritar guztiei daudela zabalik eta helburua, denen parte-hartzea bultzatzea dela eta askotariko asmoak eta iritziak batu gura dituztela.
2012-02-08 09:59:13 Maider Arregi
Eskubide zibil eta politikoen alde egiteko herritar talde batek sortu duen Ez dot moztuko bizarra! ekimena aurkeztuko dute hilaren 24an, Olalden, 21:00etan. Deialdia ohiko jendearendako eta bereziki ohikoa ez denarendako da. "Betikoa ez den jendea etortzeko ahalegin berezia egin gura dugu", azaldu dute. Aurkezpen afarian izena emateko epea hilaren 19ra artekoa da eta Arin tabernan eman daiteke; prezioa 6 euro. Antolatzaileek gosea eta umorea eramateko eskatu dute.
2012-02-06 17:12:27 Txomin Madina
27 eta 33 urte bi langile zauritu ziren egubakoitzean Antzuolan, Antzuola eta Ezkio-Itsaso arteko Abiadura Handiko Trenaren zatiko lanetan. BI langileak larri daude eta medikuaren txostenaren arabera, erredurak dituzte eta aireztapen mekanikoaren beharra dute. Leherketa bat izan zen istripuaren eragilea, eta Osalanek ikerketa abiatu du istripuaren arrazoiak argitzeko.
2012-02-06 16:51:56 Maider Arregi
Hilak 10, barikua, 22:30ean, asanblada orokorra deitu dute gaztetxe berrian. Bertan landuko diren gaiak hauek: gaztetxeko lanen gora beherak eta aurrera begira eman gura dituzten pausoak. Antzuolako gaztetxearen etorkizuna zein izango den ere hausnartzeko aukera ere izango da. Ateak herritar guztien parte-hartzea bultzatzeko zabalik egongo dira.
2012-02-06 10:50:20 Maider Arregi
Atzo, domeka, Santa Ageda eguna ospatu zuten Galartza auzokoek Santa Ageda ermitan. Meza izan zuten lehenengo eta hamaiketakoa ondoren, salda eta guzti; egiten zuen hotza arintzeko. Biteri, Unanue eta Agirre trikitilaariek alaitu eta berotu zuten eguerdia.
2012-02-05 13:15:46 Julen Iriondo
Leherketa batean zauritu eta Gurutzetako ospitalera eraman zituzten, erreduren sailera. Egubakoitz arratsaldean gertatu zen istripua, Antzuola eta Ezkio- Itsaso arteko zatiko tuneletako baten lanetan.
2012-02-03 17:27:42 Ubane Madera
Atzo, egubakoitza, hasi ziren Santa Agedaren ohorezko kantuak. Hala egin zuten, esaterako, Arrasateko Arizmendi Ikastolako eta Aramaioko San Martin eskolako ikasleek. Edozelan ere, Santa eske nagusiak asteburuan izango dira Debagoienean. Bezperan, gaur, zapatua, dira hitzordu gehienak: Arrasate, Bergara, Aretxabaleta, Eskoriatza, Elgeta eta Leintz Gatzaga. Baina domekarako ere antolatu dituzte ekitaldiak Oñatin, Antzuolan, Aretxabaletan eta Eskoriatzan. Aramaion, berriz, bertan behera geratu da zapatuko ospakizuna, baserrietarako bideak egoera okerrean daudelako.
Antzuola Aramaio Aretxabaleta Arrasate Bergara Debagoiena Elgeta Eskoriatza Leintz Gatzaga Oñati
2012-02-03 11:19:30 Maider Arregi
Josune Martinez gazte antzuolarrak hitzaldia eskainiko du egunean, otsailaren 9an. Antzuolarrak munduan zehar izeneko hitzaldian, Perura egindako bidaia eta bertan bizitako esperientziak, argazkitan erakutsi ditu Martinezek. "Perun egon naiz hiru hilabetez; lehenengo bi hilabeteetan, heziketa sexualari eta ugalkorrari buruzko praktika komunitarioak egin ditut". Azken hilabetea, aldiz, eta praktikak bukatu ondoren, Peru bere osotasunean ezagutzeko asmoz bidaia bat egin zuen antzuolarrak. Orain, asmoa dauka praktika horietan ikusi eta ikasi duena kontatzea, jendaurrean zabaltzea. Argazki erreportajez lagundutako hitzaldia hilaren 9an, eguena, izango da, 18:30ean Olaranen.