Itzuli

Suaren magia eta dantzak uztartuko dira martitzenean plazan

2009-06-18 10:21:08 Mirian Biteri

Joan den urtean antolatutako egitarauarekin alderatuta, aldaketa bakarra dago aurtengoan: tokia. Egun horretako ospakizunak betiko tokira itzuliko dira berriro; hau da, herriko plazara. Iaz obretan zeuden plazan, eta, hortaz, ezin izan ziren han egin; kirol etxeko aurrealdean egin behar izan ziren.

Egitarauari dagokionez, ekimenak oso antzekoak dira. Arratsaldean hasiko dira. Betiko moduan, 18:30ean, Loramendi dantza taldeko eta Leizarra musika eskolako ikasleek emanaldia egingo dute.

Jarraian, etxeko txikienen artean negar nahiz barre algarak eragiten dituzten pertsonaiak irtengo dira kalera, herriko txistularien laguntzaz. Buruhandiak aurrean jartzen diren guztien atzetik irtengo dira; ume edo  nagusi. 21:00etan, Imuntzo eta Beloki trikitilariak igoko dira agertokira. Erromeria eta trikiti  munduan aurkezpenik behar ez duen bikoteak pieza alaiak, freskoak eta dantzagarriak joko ditu zerua guztiz ilundu arte.

Jarraian, San Juan bezperako beste klasikoaren ordua iritsiko da: Loramendi dantza taldearen eskutik, sanjuanetako zortzikoa. Sua handik gutxira piztuko den seinale da esandako hori.

Sua eta tantaia

Dantza amaitzean, 22:30ean, San Juan sua piztuko dute eta jarraian, Imuntzo eta Beloki musika taldeak dantzaldiarekin jarraituko du. Eta, aspaldiko ohiturari jarraituz, datorren urteko Santa Ageda neska-mutilek tantaia jasoko dute herriko plazan.

Erantzunak

Egin login erantzunak uzteko

Nabigatu euskaraz