2012-02-04 16:25:56 Eneko Azkarate
Santa Ageda eskean dihardute, han hemenka, bailarako herrietan. Hona ekarri dugun bideoa, gaur eguerdian, Santa Ageda bezperan, Bergaran hartua da. Aranzadi ikastolako ikasle, gurasoa eta irakasleak ageri dira kantuan, kalerik kale ibili dira-eta goizean, elur maluten artean. San Joxepe jubilatuen elkartekoak ere bai.
Arrasaten, bestalde, ohi baino jende gehiago batu da Santa Agedako koroarekin batera abestera. Goizeko mezaren ostean, bi taldetan banatu dira: batzuk Zigarrola aldean eta besteak Bedoña eta San Andresen. Luis Sagasta 'Mane' koroko kideak eman digu bazkaldu aurretik egin dutenaren berri: "Goizean zehar ondo joan da dena, elur apur bat, baina ondo. Lehen orduan labainkor zegoen lurra baina ez da erorikorik egon. Lantegietan ezik, urtero egiten ditugun geldialdi guztiak egin ditugu: Aranguren, Kataide... Aurten uste genuen denboraz lasaiago ibiliko ginela, baina ez, prisaka ibili gara aurten ere". Hori bai, aurten eztarri gehiago izan dira; Maneren arabera, ia 70 lagun.
14:30ak jotzeko zirela heldu dira udaletxera. Lau edo bost abesti kantatu dituzte, udal ordezkarien eta herritarren gozamenerako. Gero, nola ez, bapo bazkaltzera.
Orain, Iturbide egoitzan
Bazkalostean Iturbide egoitzan abestuko dute, 17:00ak aldera. Gero, San Andres aldean ibiliko dira eta 19:30ean Monte taberna parean beste saio bat egingo dute. Amaitzeko, bi taldeak berriz elkartu eta plazako emanaldiarekin borobilduko dute eguna, 21:00etan.

Santa Agedako koroa, Arrasateko udaletxean. Argazkia handitu
Erantzunak
Egin login erantzunak uzteko