Itzuli

Omar Fraile Antzuolako sarian azkarrena

2010-07-11 18:23:03 Xabi Urzelai

Lasterketa biribila egin zuen domeka goizean Seguros Bilbao taldeko Omar Frailek, probako gizonik azkarrena izatearekin batera mendiko saria ere eskuratu zuen-eta. Asentziorako aldapa gogorretan erasoa jo eta hamabost segundoko abantaila eskuratu zuen Asentzioko gainean. Handik Antzuolara bakarrik egin zituen azken hamabost kilometroak eta atzetik zetozenak ez ziren Santurtziko ziklista harrapatzeko gauza izan.

Hamabost kilometro. Berez, bizikleta gainean erraz egiten den distantzia da. Baina, hamabost kilometro horiek egiteko hamabost segundoko abantaila baino ez duenarendako lasterketa oso bat da, ibilbidea berriro hasiko balu bezala, bakarrik, gainera.

Horixe gertatu zaio Omar Fraileri (Seguros Bilbao) goizean egin duten Antzuola sarian. Elgetatik Antzuolara arteko tartea bakarrik egin du, eta eutsi egin dio hamabost segundoko abantailari.

Arantzetak ez du amaitu

Antzuolako onenaren saria prest zuten antolatzaileek, baina ibarreko ordezkari bakarrak ezin izan du saria jaso, Deskargan bertan behera utzi duelako proba: "Banekien ez nengoela lasterketa amaitzeko moduan. Orain amaitu ditut azterketak, eta astebete entrenatuta ezin dira mirariak egin. Ibili naiz bizikletan, baina ikasketak direla-eta erregulartasun barik, eta hori igarri egiten da. Baina, gazte mailatik amateur mailarako saltoa ez zait horren gogorra egin. Antzuolatik pasa behar ginen alditan ahalik eta txukunen pasatzea zen nire asmoa", adierazi zigun helmugan Xabier Arantzetak. Kronika osoa, Asteleheneko Goienkaria-n.

Sailkapena:

1. Omar Fraile (Seguros B.)    2:55:16
2. Ramon Domene (Seg.)     15 seg.
3. Aritz Orbe (Bidelan)    18ra
4. Pello Bilbao (Naturgas)    18ra
5. Jesus Ezkerra (El Soplao)    18ra
6. Ibai Salas (Seguros Bil.)    18ra
7. Jordi Simon (Caja Rural)    18ra
8. Joseba Elortza (Bidelan)    18ra
9. Antonio Pedrero (Seguros)    21era
10. Igor Merino (Naturgas)    27ra

 

Erantzunak

Egin login erantzunak uzteko

Omar Fraile Antzuolako sarian azkarrena Argazkia handitu

Nabigatu euskaraz