2012-01-09 12:48:40 Monika Belastegi
Arrasaten, Oñatin, Eskoriatzan, Goierrin, Bidasoan eta Donostian dituen kanpusetan egingo ditu, urtarriletik ekainera bitartean, bere hezkuntza-eredua ezagutzera emateko.
Mondragon Unibertsitateak ate irekien hogei bat jardunaldi antolatu ditu, bere sei kanpusetan urtarriletik ekainera bitartean. Unibertsitate aurreko jardunaldi bakoitzak bi ordu inguru iraungo du eta, horietan, fakultate bakoitzak bere eskaintza akademikoa eta titulazioak zehatz-mehatz aurkeztuko ditu.
Goi Eskola Politeknikoak –Arrasateko eta Goierriko campusetan–, Enpresa Zientzien Fakultateak –Oñatiko eta Bidasoako campusetan–, Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateak –Eskoriatzan– eta Gastronomia Zientzien Fakultateak –Donostian– osatzen dute Mondragon Unibertsitatearen eskaintza akademikoa.
Ate irekien jardunaldiak Mondragon Unibertsitatea bertatik bertara ezagutu nahi duten etorkizuneko unibertsitarioei zein guraso, irakasle eta bideratzaileei zuzenduta daude. Izan ere, jardunaldiotan, fakultate bakoitzak bere zentroetan eskainitako titulazioak zehatz-mehatz ezagutarazi eta bisitariek izan ditzaketen zalantzak argituko ditu. Unibertsitate aurreko orientazio-jardunaldiak osatzeko, Mondragon Unibertsitateak bere hezkuntza-eredua aurkeztuko du Euskal Autonomia Erkidego osoko ehun ikastetxetan baino gehiagotan.
Jardunaldi horien bidez zenbait helburu bete nahi dira. Alde batetik, Mondragon Unibertsitateko fakultateetako titulazioen koordinatzaileekin eta irakasleekin solasean aritu eta zalantzak argitzeko aukera ezin hobea dira. Bestetik, jardunaldietara etorri eta aktiboki parte hartzea erabakitzen dutenek bertatik bertara ezagutu ahalko dituzte fakultate bakoitzeko instalazioak eta laborategi edo lantegiak eta, aldi berean, Unibertsitatea gaur egun garatzen ari den proiektu batzuk gertutik ikusiko dituzte.
Goi Eskola Politeknikoa
Arrasateko kanpusa
Goierriko kanpusa (Ordizia)
Enpresa Zientzien Fakultatea
Oñatiko kanpusa
Bidasoako Kanpusa (Irun)
Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatea
Eskoriatzako kanpusa
Gastronomia Zientzien Fakultatea
Donostiako kanpusa
Jardunaldi horien inguruko argibide gehiago jasotzeko, Mondragon Unibertsitatearen web orrira jo daiteke: www.mondragon.edu/prest edo telefono honetara deitu: 902 110 436.

Gazteak azalpenak entzuten. Argazkia handitu
Erantzunak
Egin login erantzunak uzteko