Itzuli

Miguel Altunako 10 ikasle atzerrira, praktikak egitera

2010-03-08 09:21:58 Monika Belastegi

Polonia, Ingalaterra, Portugal eta Italiako lantegietan egingo dituzte praktikak. Gaitasun teknikoekin batera, autonomia ere lantzen dute atzerrian ikasleok

Miguel Altuna Lanbide Heziketako institutuan ohiko bilakatu da ziklo ezberdinetako ikasleak atzerriko enpresetara joatea praktikak egitera. Hala, aurten ere hamar ikasle joango dira atzerrira: bi, Poloniara; bi, Ingalaterrara; bi, Portugalera eta lau, Italiara joango dira. Ikasleetako bi dagoeneko joan dira, eta gainerakoak laster joango dira.

Irakasleak ere atzerrira

Praktikok atzerrian egiteak helburu zehatza du: Miguel Altunako ikasleek gaitasun teknikoez gain, hizkuntzak, autonomia eta lan metodo berriak lantzea. Azken batean "mundura irekitzea", Miguel Altunako arduradunen esanetan.
Ikasleak atzerrira bidali aurretik, irakasle bat joaten da beti, ikasleek praktikak egingo dituzten lantegiak zein bizi izango diren egoitzak egokiak direla ziurtatzeko. Bestalde, ez bakarrik ikasleak, irakasleak ere joaten dira atzerrira ikastera. Hain justu ere, Erasmus proiektuaren baitan bost ikasle Alemaniara joango dira formazioa jasotzera.

Ingeles eskolak

Miguel Altunako arduradunek garbi dute atzerrira joateak eskatzen duela ingelera menperatzea. Hori horrela izan dadin, urratsak ematen dihardute eta Goi Mailako Mekanikako talde batek aurten, lehenengoz, euskara-ingelera ereduan ikasten dihardu. Horren haritik, ikasle horiendako sei beka sortu ditu institutuak ekainean Ingalaterrara joan eta hizkuntzan sakon dezaten. Gainera, ikasturtean barrena mintza praktika egiteko irakasle amerikarra ere badute.

Atzerritarrak hona

Atzerriko ikasleak ere etortzen dira gureko enpresetara praktikak egitera. Hori horrela, 2010ean Miguel Altunaren bitartez, Danimarkako bost ikasle, Italiako hiru eta Poloniako bederatzi etorriko dira.

Erantzunak

Egin login erantzunak uzteko

Miguel Altunako 10 ikasle atzerrira, praktikak egitera Argazkia handitu

Nabigatu euskaraz