2012-02-20 11:58:09 Jokin Bereziartua
Lurgorri Eguneko zentroak urtebete egin du dagoeneko eta bertako langileek ospakizun berezia prestatu zuten joan den eguenean bertako erabiltzaileen harridurarako . Izan ere, sorpresa modura antolatu zuten ekitaldia, familia txiki bat direla erakutsiz. Langileek dantza egin zieten eta gero Bizente Goikoetxea abesbatzako kideek hainbat abesti eskaini zizkieten. Udal ordezkari batzuk ekitaldian izan ziren, Edurne Uribarren-Iturrieta Ongizate zinegotzia tartean: "Ekitaldi hunkigarria izan zen, batez ere koroaren saioa, eta erabiltzaileen artean guztiak izan ziren berba politak", adierazi digu. Luncha ere egon zen.
Zortzi lagunendako lekua dago eta egun zazpi erabiltzaile ditu. Horien beharrak asetzeko bi langile dabiltza lanean, Karmele Barrutia eta Leire Pagaldai. Erabiltzaileak 12:00etatik 18:00etara egoten dira, eta zentroan bertan bazkaltzen dute eta baita merienda hartu ere. Horrez gain, hainbat jarduera egiten dituzte: gimnasia, irakurketa, eskulanak... Ez dute aspertzeko astirik izaten.
Memoria tailerra, aurrera
Bestalde, eguneko zentroan ematekoak diren 60 urtetik gorakoendako memoria tailerreko izenematea otsailaren 22ra arte luzatu zuten bost pertsona bakarrik zeudelako. Bada, Uribarren-Iturrietak jakinarazi duenez, azken egunetan beste seik eman dute izena. Beraz, jende falta ez da aitzakia izango tailerra egin dadin. Etzi, hilak 22, da azken eguna izena emateko.
Amaitzeko, Udalak gogora ekarri du Martxoak 8rako kartel lehiaketan izena emateko azken eguna otsailaren 23a dela: "Animatu parte hartzera", adierazi du Ongizate zinegotziak. Izan ere, sari potoloak daude.
Lurgorri zentroko erabiltzaileak eta langileak ospakizunaren ostean. Argazkia handitu
Erantzunak
Egin login erantzunak uzteko