Itzuli

Kultura ekitaldiak sari izanda merkataritza bultzatuko dute

2010-03-26 14:01:07 Mirari Altube

Eguaztenean aurkeztu eta gaurtik aurrera abian da 'Merkataritza kulturan blai' ekimena. Herriko merkataritza suspertzeko asmoarekin kulturarekin uztartu du Udalak, eta Kutxaren laguntza jaso du horretarako. 37 merkatarik egin dute bat proposamenarekin; besteak beste, opari-dendek, jantzi-dendek, iturgintzek eta ile-apaindegiek.

Gaur hasi eta urtea bukatu bitartean puntuak banatuko dituzte 37 denda horietan: 30 eta 50 euro arteko erosketagatik, 2 puntu; 50 eta 75 euro artekoagatik, 3 puntu; eta 75 eurotik gorakoagatik, 4 puntu. Horiek gero Arkupeko ikuskizunetarako eta zinema emanaldietarako sarrerengatik trukatu ahal izango dituzte herritarrek: umeendako ikuskizuna eta zinema komertziala, 8 puntu; zinekluba, 6 puntu; eta gainerako ikuskizunak, 4 puntu.

Horrez gain, hiru hilabetean behin 40 euroko bi txartel zozketatuko dituzte, gero 37 denda horietan erabiltzeko. Eta Kutxak, berriz, beste zozketa bat egingo du erosketak Kutxaren txartelarekin ordaintzen dituztenen artean; bazkariak eta afariak zozketatuko ditu.

Erantzunak

Egin login erantzunak uzteko

Kultura ekitaldiak sari izanda merkataritza bultzatuko dute Argazkia handitu

Nabigatu euskaraz