Itzuli

Kalebarrengo jaiak aste bukaeran

2009-06-26 13:15:03 Irati Agirreazaldegi

Sanjuanen ostean, Kalebarrengo jaien txanda da. Gaur, egubakoitza, 19:00etan suziriekin jaiak hasi eta bertso poteoa izango da gero, Hamaika Bertuteko bertsolariekin eta herriko trikitilariekin. Gauean, berriz, Fun & Go taldeak girotuko du erromeria.

Zapatua da jai ekitaldi gehien dituen eguna. Goizean, umeendako, 11:00etan hasita, marrazki lehiaketa, jinkana eta soinu-jotzaile gazteen kalejira izango dira; arratsaldean ere ez da umeendako ekintzarik faltako: 16:30ean tailerrak eta jolasak eta buruhandiak 19:00etan.

Dantzaldia Biduri Sound-ekin

Arbola altxatuko dute 20:00etan Ondarreko gaita-jotzaileekin, eta, auzo afariaren ostean, Biduri Sound-ek ipiniko du musika. Gauerdian, ohikoa den sagar-dantza izango da. Goizaldera arte irauten dutenek, berriz, piropo eta antipiropo lehiaketa izango dute, 04:00etan.

Domekan, txistulariek esnatuko dituzte 10:00etan auzotarrak eta 11:30eko mezaren ondoren salda eta txorizoa banatuko dituzte; dantzari gazteen saioa ikusi bitartean tripa betetzeko.

Arratsalderako mus txapelketa izango da 16:00etan, umeendako jolasak 17:00etan eta Mr. Frack kale zirkua 19:00etan jaiak amaitzeko.

Erantzunak

Egin login erantzunak uzteko

Nabigatu euskaraz