Itzuli

Jende dezente erakarri zuen atzo EHBEk hiru eleko hezkuntza sistemaren aurka

2010-03-06 16:54:28 Jokin Bereziartua

Gaztelania, euskara eta ingelesa ardatz izango dituen hezkuntza sistema datorren ikasturtetik aurrera ezarriko du Eusko Jaurlaritzak EAEko 40 ikastetxetan. Eredu horrek hiru hizkuntzak maila berean jartzen ditu, hau da, hirurei ordu kopuru bera eskainiko zaie. Euskal Herri Bere Eskola (EHBE) herri ekimenak eredu horren aurka agertu da, Isabel Zelaa Hezkuntza sailburuaren ereduak euskara gutxiesten duela uste du-eta. Bada, atzo ekitaldi kulturala egin zuten Munibe plazan, hezkuntza sistema propioa aldarrikatzeko.

Haurrendako jolasak, Enaitz Alustiza bertsolaria, trikitilariak eta erdarazko hezkuntzaren inposizioa irudikatzen zuen antzerkia egin zuen EHBEk egubakoitzean. Jende dezente izan zen ekitaldian; antolatzaileak, pozik.

Eskualde autobusa datorren zapaturako
Hiru eleko sistemaren aurka eta hezkuntza sistema propioaren alde martxoaren 13an Bilbon egingo den manifestaziorako eskualde autobusa antolatu dute: Aretxabaletan (15:30), Arrasaten (15:45) eta Bergaran (16:00) geratuko da. Izena emateko Aretxabaleta, Arrasate eta Bergarako euskara elkarteetara eta zenbait ikastetxe eta tabernetara (oraindik ez dute zehaztu non) jo behar da.

Erantzunak

Egin login erantzunak uzteko

764_Jende dezente erakarri zuen atzo EHBEk hiru eleko hezkuntza sistemaren aurka Argazkia handitu

Nabigatu euskaraz