2012-02-07 10:29:09 Xabi Urzelai
Urteak pasa beharko dira, pertika saltoan, beste gipuzkoar bat Jonathan Perezen marketara gerturatzeko. Arrasatekoa horretan dabil lanean, atzetik datozenekin entrenatzaile lanetan, bere markak egunen batean txiki gera daitezen. Baina oraingoz bere espezialitatean Gipuzkoako errege da –baita Euskal Herrian ere– eta gorputzak baimentzen dion bitartean urrezko dominak janzten jarraituko du. Lesioek baldintzatuta ere Arrasatekoa 4,70 metroko saltoa egiteko gauza delako, asteburuan egin duen moduan, Gipuzkoako txapelketa hamahirugarrenez irabazteko.
Jonathan Perezena ez zen izan Arrasateko atletek eskuratutako domina bakarra, haren pausoak jarraitzen dabilen Istar Dapena 3,90 metroko markarekin hirugarren postuan sailkatu zen. Dapena ahalegindu zen lau metroko saltoa egiten, baina tarte txikiagatik izan bazen ere, oso gutxigatik ezin izan zuen listoia gainditu.
Emakumezkoetan Atletico San Sebastian taldeko Maialen Axpe bigarrena izan zen Naroa Agirreren (4,15) atzetik 3,50 metroko saltoa eginda, eta marka berdina eginda Malen Ruiz de Azuak brontzea eskuratu zuen Irungo Bidasoako elastikoarekin.
Atletismoko gainontzeko diziplinetan Izar Gorroñogoitiak eta Maddi Garrok luzera jauzian jardun zuten. Gorroñogoitia beratzigarren postuan sailkatu zen (4,67), eta 4,50 metroak gainditu ostean Garro hamaikagarrena izan zen sailkapen orokorrean.

Jonathan Perez Mojategin egindako erretratuan. Argazkia handitu
Erantzunak
Egin login erantzunak uzteko