2012-02-03 13:42:31 Mirian Biteri
Gorka Azpitarte eskoriatzarra eta berarekin batera Frantziako Poitiers Vivonne espetxean dauden presoek borrokan jarraitzen dute beraien kontra hartutako zigor neurriengatik protesta egiteko. Egoera hori ezagutarazteko gurean hainbat ekimen antolatu dituzte; tartean, otsailaren 11an, espetxera egingo den martxa.
Batetik, espetxeko zuzendariari eskutitzak bidaltzeko kanpaina jarri dute martxan: aste osoan Inkernu tabernan egongo dira betetzeko orriak.
Gutun horretan euskal presoen bisitak bikoitzak izan daitezela eskatzen da, kontuan hartuta bisita horietara joateko senideek 1.100 kilometrotik gora egin behar dituztela, horrek suposatzen dituen gastu eta arriskuekin; horretaz gainera, Vivonnen dagoen Eneko Zarrabeitia presoari bisita batean beste preso baten senideak agurtzeagatik ezarritako zigorra bertan behera uzteko ere eskatzen da, eta oinarrizko eskubideak errespetatuak izan daitezela.
Bestetik, udalean mozioa aurkeztea ere aurreikusi du taldeak. Aste honetan du hori aurkezteko asmoa, hileko hirugarren eguenean egingo den osoko bilkuran aztertu dadin. Azpitartek eta gainerako presoen egoera salatu dezan eskatuko zaio udalbatzari mozio horretan.
Hirugarrenik, esan bezala, Poitiersera joateko martxa deitu dute astebururako; eskualde mailan egin dute deialdia. Izena eman gura dutenek bi bide dituzte: Inkernu tabernan apuntatu edo irrintzia@gmail.com helbidera idaztea. Abadiñotik (Eneko Zarrabeitia presoaren jaioterritik) irtengo da autobusa, zapatuan, 00:00etan. Hara iristean, presoak bisitatuko dituzte, eta jarraian, agerraldia egingo dute espetxe kanpoan.
Erantzunak
Egin login erantzunak uzteko