2012-02-14 08:00:00 Mireia Bikuña
Azken bost urteetan sua itzaltzeko 21 interbentzio egin dituzte, eta horri aurre egiteko Ordiziako Sueskolarekin elkarlana egingo du Diputazioak. "Kanpaina honen helburua, lokal hauetan bildu ohi diren gazteei istripuak ekiditeko kontuan hartu beharreko irizpideen berri ematea da", esan zuen aurkezpenean Zerbitzuetako foru zuzendari Maider Zigandak. Informazioa zabaltzeko 2.500 liburuxka ale banatuko dituzte Gipuzkoako udaletara, hauek gazteen lokaletara bidera ditzaten.
Azken bost urtetan 21 sute izan dira gazteek erabilitako egoitza, lonja edo txabolatan, gehienak neguan. Zigandak emandako datuen arabera koltxoi edo sofak erre izan dira halakoetan; bestetan hautsontzia zakarrontzian husteagatik edo bestelako zenbait prebentzio neurri ez hartzeagatik. Sute hauek gehienetan txikiak izan diren arren, zenbaitetan kalte larriak eragin dituzte etxeetan. "Kopuru hori murriztu nahi da oso eraginkorrak izan daitezkeen prebentzio neurriak ezagutaraziz", adierazi zuen foru zuzendariak.
Prebentzio kanpaina Sueskolarekin lankidetzan ipiniko dute. 2009an sortu zuen Aldundiak Sueskola Fundazioa, suteen prebentzio eta itzalketa alorreko prestakuntzan lan egiteko. Ordutik 4.000 pertsona baino gehiago trebatu ditu suteen prebentzio eta itzalketa alorrean.
Erantzunak
Egin login erantzunak uzteko