Itzuli

Euskadiko Kutxaren irabaziek %41,9 egin dute behera urteko lehen sei hilabeteetan

2010-07-29 13:21:19 Txomin Madina

Euskadiko Kutxak 35,1 milioi euroko irabaziak izan ditu 2010eko lehen seihilekoan, iaz, epe berean baino ia %41,9 gutxiago. Dena den, entitatetik jakinarazi dutenez, datuok Kudeaketa Planean ezarritako aurreikuspenekin bat datoz eta azpimarratu dute morositate edo berankortasun maila, sektoreko baxuenetakoa dela.

Urteko lehen seihileko honetan lortutako datu zehatzetan sakonduz, bezeroei emandako kredituen guztizko zenbatekoa 16.347,1 milioi euro ingurukoa izan da, iaz baino %0,9 gutxiago.

Igo dena, negozio bolumena izan da: %3,6 egin dute gora bezeroen gordailuek, eta ondorioz, kudeatutako negozio bolumena 34.848 milioi eurokoa izan da, iaz baino %1,4 handiagoa.

Berankortasun edo morositate mailari dagokionez, Euskadiko kutxak sektore datu onenetakoak ematen ditu: entitateak %2,95ko berankortasun tasa du, sektoreak bataz beste ia %5,39koa duenean.

Emaitza kontuei dagokienez, datuak ez dira hain onak izan: interesek eta errendimentuek %44,4  egin dute behera, eta interes eta kargek, %58,9.

Oinarrizko marjina, negozio errepikarien emaitzak islatzen dituena, iaz baino %18,9 gutxiago izan da; emaitza ez errepikariek ere ekarpen txikiagoa egin diote entitateari.


Erantzunak

Egin login erantzunak uzteko

Nabigatu euskaraz