Itzuli

ESAITek antolatutako mendi martxa Aramaion izan zen egubakoitzean

2010-08-09 14:18:45 Arantzazu Ezkibel

Egubakoitzean Aramaiora iritsi zen Esaitek antolatutako mendi martxa. Uztaritzen hasi zuten ibilaldia uztailaren 31n; eta, eguaztenean Elgetatik pasa ondoren, egubakoitzean Aramaiora iritsi ziren. Han, ongietorria egin zieten, eta ondoren, herri afaria izan zuten. Udaleko ordezkariak arduratu ziren afaria prestatzeaz. Pasta entsalada eta oilaskoak izan zituzten; ondoren, gazta eta kafea guztiendako. 80 lagun inguru batu ziren afaritarako.

Egun gogorra izan zuten mendizaleek; izan ere, mendi martxako etapa gogorrena izan zuten. Apatamonasterio eta Aramaio arteko tartea egin zuten, eta Anboto igo behar izan zuten. Ondorioz, jendeak gustura jan zuen gertatutakoa. Gainera, festarako gogoz iritsi zen jendea. Mendizaleek kiroldegian pasa zuten gaua.

Manifestazioa Gasteizen

Zapatuan Gasteizerako bidea hartu zuten mendizaleek. Han, ESAITek antolatutako manifestazioarekin bat egin zuten. Inposaketa guztien gainetik, Euskal Herria, nazio bat, selekzio bat leloa aldarrikatu zuten.

Eta, atzo, Trebiñun eman zioten mendi martxari amaiera. Aurtengoa 10. edizioa izan da eta antolatzaileak gustura geratu dira parte-hartzearekin.

Erantzunak

Egin login erantzunak uzteko

Nabigatu euskaraz