2012-02-08 15:15:55 Edu Mendibilerantzun 1
Aurreko asteleheneko osoko bilkuran EAJren kontra lagun batzuek erakutsitako pankartek –'EAJ Diruzaliak', 'EH ez dago salgai' eta 'EAJ Txikitzaile' zioten– ika mika eragin du Bilduko zinegotzien eta jeltzaleen artean. Pankartok baimentzearren EAJk Jesus Elortza alkatearen dimisioa eskatu ondoren, Bergarako Ezker Abertzalearen erantzuna etorri da. EAJ oposizio destruktiboa egiten ari dela diote Ezker Abertzalekoek.
EAJk Jesus Elortza alkatearen jarrera gogor kritikatu zuen aurreko astean. Orain, Bergarako Ezker Abertzalearen erantzuna etorri da.
Komunikabideei bidalitako ohar baten hauxe diote: "EAJ oposizio destruktiboa egiten ari da. Bergaran eta Euskal Herrian bizi dugun krisi egoera larriak guztion arteko elkarlana eskatzen du, baina EAJren aldetik ez dugu horrelako jarrerarik ikusten, gobernuaren iniziatibekiko boikota eta Udaleko giroa gaiztotzeko ahalegin betean ikusten dugu egunak joan eta egunak etorri. Abian den konponbide prozesuak bergarar guztien eta haien ordezkari politikoen konpromisoa eskatzen du. Zoritxarrez, Bergarako EAJko udal taldeak ez du gatazkaren ondorioak konpontzeko inongo konpromisorik agertzen. Horren erakusgarri da euskal preso politikoen alde konpromisoak hartzeko borondaterik ez dutela erakutsi: Bilboko mobilizaziora joateari ez; azken egubakoitzetako kontzentrazioetan ez dira inoiz egon; udaletxeko balkoian presoen aldeko ikurra jartzeari ez...".
Era berean, Elortza alkateari egindako dimisio eskaria oso larritzat jotzen dute: "Ekimen baketsu bat abian den konponbide prozesua erasotzeko erabili du EAJk. Alkateari gure babes osoa eskaini nahi diogu, eta gazteek beraien iritziak emateko duten eskubidea aldarrikatu. Isilik eta zinegotziengandik oso urruti zeuden aulki batzuetatik egin zuten aldarrikapena. Aldarrikapenekin ados egon edo ez, errespetu osoz eta modu baketsuan egindako aldarrikapena iruditzen zaigu. Gazte hauek eta herritar guztiek beraien iritziak emateko eskubide guztia dute, adierazpen askatasuna errespetatu beharra dago".
Oposizio eraikitzailea egiteko eta konponbide prozesuan inplikatzeko eskatu dio ezker abertzaleak EAJri: "Prozesuak EAJren babesa behar du, baita Bergarako jeltzaleena ere. Egoera ekonomikoa delikatua da eta denon inplikazioa behar da".
Ezker abertzaleak bere konpromiso osoa azaldu nahi du "abian den konponbide prozesua bururaino eramateko".
Alderdi politiko guzti-guztiekin hitz egin eta konponbide prozesua indartuko duten adostasunetara heltzeko gertu azaldu da Bergarako Ezker Abertzalea.
Era berean, Euskal Herriarentzat independentzia lortzeko bidea aldarrikatzen dute; "arestian esan bezala, indar metaketa (helburu honekin bat egiten duten guztiekin elkarlanean) eta parametro demokratikoetan soilik oinarritzen den konfrontazioan (inolako bortxazko adierazpenik gabe) oinarritzen dugu. Kontestu politiko honetan gerta litekeen edonolako bortxazko ekintzaren aurrean gure desadostasuna adieraziko genuke eta krisi egoera larri honetatik ateratzeko eragile politiko, sindikal eta sozioekonomiko guztiekin (langileak, enpresariak, ikastetxeak, garapen agentziak) elkarlanean aritzeko. Bergaran enplegua eta aberastasuna sortu eta banatzeko politikak aurrera eramateko".
Erantzunak
jleaniz - 2012-02-09 10:48:13
Giza eskubide guztien alde:
- Norberaren eskubideak bukatzen dira inorenak hasten direnean, beraz adierazpen eskubidearen izenean ezin da edozer gauza egin.
- Plenoan ateratako pankarta EAJko zinegotzi taldearentzat iraingarria zen.
- Alkateak, eta inongo atxikirik gabe babestu behar zituen 2.044 bergaratar ordezkatzen duen udal talde politikoa.
- Jarrera honi POLITIKA egitea (norberaren taldekoentzat bakarrik) esaten zaio eta ez GOBERNATZEA (herritar guztien alde egitea)..
- ¿Ondo ikusiko zuen alkateak Ezker Abertzaleari buruz herritar talde batek jarriko bazituen irainak pleno aretoan?
Beraz, giza eskubide guztien alde oposizio zorrotza egin behar da batez ere, eta alkatea ez badu onartzen hau hobe da Bergaratarron mesederako etxera joaten bada.
Egin login erantzunak uzteko