2012-02-23 09:56:53 Eneko Azkarate4 erantzun
Bilduko alkateak dituzten Gipuzkoako 34 udalerritan ezarriko dute atez ateko zaborra batzeko sistema 2013an. Herri horien artean daude Bergara, Oñati (bi horietan lehenengo), Arrasate, Eskoriatza eta Aretxabaleta. Hala eman zuten aditzera atzo hedabideen aurrean Donostian. Arrasateko, Bergarako, Oñatiko eta Eskoroatzako alkateek hartu zuten parte agerraldian. Mikel Biainek eta Lezoko alkate Ainhoa Zabalok eman zituzten azalpenak.
Oñatin, gaur, eguenena, egingo dute bosgarren edukiontzia atzera botatzeko mozioa onartzeko osoko bilkura. Iazko maiatzean Oñatiko Udalak hartu zuen bosgarren edukiontziaren aldeko erabakia, baina gaur Bilduk indargabetu egingo du erabaki hura. Ondoren, bai Oñatin eta baita gainerako udalerrietan ere, ekainera bitartean, egingo dituzte atez atekoa onartzeko bilkurak. Bergaran eta Oñatin, martxoan; Aretxabaletan eta Eskoriatzan, maiatzean, eta Arrasaten, ekainean.
Gaur egun, Usurbilen, Hernanin, Oiartzunen eta Antzuolan darabilte zaborra batzeko atez atekoa. Eta, beste 30 udalerri gehituta, 300.000 gipuzkoarri eragingo die atez atekoak 2013an. Helburua, Gipuzkoan, "zero zaborraren bidean" jartzea dela diote Bilduko alkateek. Eta, hartara, azkeneko hamarkadatan zaborren kudeaketak "sortu duen arazo larriari irtenbidea" eman. "Hiritarrengan eta pertsonengan sinisten dugu eta haiekin batera urratsak eman nahi ditugu sortzen den zabor kopurua gutxitu eta birziklapena handitzeko" esan dute.
Era berean, adierazi dute, "gezurra" dela "Zubietako errauskailua soluzioa" dela. Esan dute, atez atekoarekin, "%90eraino birzikla" daitekeela, gaur egun birziklatzen den "%25aren aurrean". Horretaz gain, gaur egingo zaborren kudeaketak "huts" egin duela esan dute. Eta zaborra modu "jasangarri eta efizientean" batzeko, atez atekoa baino "modu hoberik eta alternatibarik ez dagoela".
Atez atekoa ezarri nahi duten 34 herri horietan herri galdeketak egitearen aukeraz galdetu zaienean, Usurbilen bere garaian egin zuten moduan, zera adierazi dute alkateek: Parte hartze prozesuak ireki nahi dituztela herritar guztiek parte hartu eta erabaki ahal dezaten.
Donostiako Udala, oraingoz, eredu horretan ez dela sartuko aurreratu dute Bilduko alkateek.
Bestalde, adierazi dute, udalerri batzuek dituzten arazo ekonomikoak ez direla oztopo izango atez atekoa ezartzeko, ezta zaborren kudeaketa sistema berriak zor ditzakeen gastu berriei aurre egin beharragatik ere. Onartu dute, halere, hasieran inbertsioak egin beharko dituztela, baina aurrerago birziklatzen denaren salmentatik dirua jaskoko dutela, atez ate zaborra batzen duten udalerriek.
Hondakin organikoa tratatzeko, Azpetiko Lapatxeko plantaz gain, Bergaran (Epelen) beste bat egingo dutela ere adierazi dute. Eta Nafarroan eta Iparraldean beste alternatiba batzuk badituztela ere bai.
Birziklatu ezin daitekeen hondarraren gainean, Oñatiko alkateak esan du "beti egongo dela zati txiki bat" eta, horretarako, "zabortegi txiki bereziak" aurreikusi dituztela.
2013an atez atekoa ezartzeko, orain hasi eta ekainera bitartean, herririk herri osoko bilkurak egingo dituztela ere aurreratu dute. Egutegia zehaztuta dutela ere bai. Hauxe da plana:
Bestalde, Gipuzkoako Foru Aldundiak 547.592 euro bideratuko ditu aurten hiri hondakinen prebentzio eta berrerabiltzeko ekimenetarako. Lurralde Antolaketa eta Ingurumen departamentuak bideratuko ditu diru-laguntzok eta udal zein mankomunitateak izango dira onuradunak.
Dirulaguntza hauekin bultzatu nahi dituzte, hiri hondakinak sortzea prebenitzea eta berrerabilpena bultzatzea helburu duten ekimenak. Era berean, alor horretan egin daitezkeen komunikazio eta sentsibilizazio kanpainak diruz lagunduko dituzte.
Materia organikoaren konpostajeak berebiziko garrantzia hartzen du plan honetan.
Dirulaguntza hauek bat egiten dute hiri hondakinen prebentzio eta birziklapenaren gainean, Europak ezarritako ardatzekin.
Bestalde, Debagoieneko Zero zabor taldeak hitzaldia antolatu du datorren martitzenerako, 28rako. Zero zabor posible al da atez atekorik gabe?. Horixe berbaldiaren izenburua. Usurbilgo Zero zabor taldekoek emango dute hitzaldia, hango atez ateko esperientzia kontatuko dutelarik.

Mikel Biain eta Ainhoa Zabalo. Argazkia handitu
Erantzunak
mikelo - 2012-02-22 20:50:44
Penagarria da Atez Atekoa politikoki soilik lantzea, udaletan elkar lana sustatu beharrean. Herritar guztioi dagokigun lana da.
Gainera aldizkarietan jartzen diguten moduan ikusita gure saborrak tratatzeko gaitazunik ere ez dugula argitaratzen dute.
http://www.elcorreo.com/vizcaya/20080509/vizcaya/vizcaya-aliviara-situacion-limite-20080509.html
http://www.elcorreo.com/vizcaya/20080508/vizcaya/diputacion-guipuzcoa-derivara-vizcaya-20080508.html
urbeltz - 2012-02-23 14:37:42
Atez-atekakuan inguruko 10 mito: http://argia.com/erredakzio-mahaia/urko-apaolaza/2012/02/23/atez-atekoaz-hamar-gezur-handienen-rankinga/
ibai - 2012-02-24 09:44:15
Bergararrok be ondo egingo dogu. Orain arte hondakinen %30 birziklatu eta beste dana zabortegixetara bota izan dogu kalte ekologiko latza sortuaz. Honen aurrian bi alternatiba mahai gaineratu die: Errauskailua eta Atez atekua. Errauskailua oso garestixa izatiaz gain osasunai eta ingurumenai kalte larrixa eragiten dotza, inork ez dau nahi bere etxetik gertu; atez atekuakin aldiz %80-%90 erreziklau eta berriz erabiltzeko aukeria dago. Ahalegin txiki batekin Bergararen etorkizunari eta ingurumenari fabore ederra egingo dotzagu.
mgartzi - 2012-02-25 11:16:40
orain arte eroskira gure poltsekin edo karritoekin juten ginen poltsak ez hartzeko. Orain plastikoak eta paperak botatzeko horreelakko poltsetan bota behar da! beraz aurrera pausua edo atzera pausua da?
Egin login erantzunak uzteko