Itzuli

Bergara ezagutzen lehiaketa bihar eta etzi DBHko 4.mailako ikasleendako

2012-02-22 18:28:11 Edu Mendibil

Bergarako ikastetxeek, Udalak, Jardunek eta EHBEk aspaldi antolatzen zen 'Bergara ezagutzen' lehiaketari berriz heldu zioten orain dela bi urte. Aurtengoa bihar, eguena, eta etzi egubakoitza, jokatuko da 11:00etatik 13:00etara.

Biharko saioa Aranzadi ikastolan jokatuko da, Matxiategiko eraikinean, eta egubakoitzekoa Ipintza institutuan. Aranzadi, Ipintza eta Mariaren Lagundiko 4.DBH-ko ikasleak izango dira lehian, eta taldeka (hiru ikastetxeetako ordezkariek nahastuta osatzen duten hiru talde) lehiatzen dira bi egunetan.

Antolatzaileen arabera, taldeak hiru eskoletako ordezkariz osatuak egotea oso garrantzitsua da, ohiko ikaskideez gain, beste eskola batzuetako kideekin talde berean arituko baitira.

Lehiaketak hiru zati dauzka: galdera-erantzunak lehenbizi, ikusentzunezko proba jarraian eta bukatzeko, kaleko ginkana.

Galdera eta proba guztiak Bergarari buruzkoak dira: herriko ohitura, historia, industria, auzo, euskara, kirola, natur ezaugarri… Ikasleek euren herriari buruz gauza asko ikasteko aukera daukate horrela.

Talde irabazlea Valdezcaray-ra joango da eskiatzera, martxoaren 10ean.

Erantzunak

Egin login erantzunak uzteko

Barrenkaleko Arrese etxea. Argazkia handitu

Nabigatu euskaraz