Itzuli
Hauteskundeak 08: Arrasateko atentatuak eragina izan du ibarrean eta Hego Euskal Herrian
2008-03-10 00:29:44 Eneko Azkarate
Sozialistak izan dira irabazle nagusiak Debagoienean ere, Hego Euskal Herrian eta Espainian bezala. Gehien igo dutenak izan dira eta hiru herritan nagusitu dira: Arrasaten, Aretxabaletan eta Eskoriatzan; horrek eman dio garaipena ibarrean. Abstentzioak ere gora egin du. Hautetsi Independentistek aktibatu dute abstentzioaren zati bat: ia 20 puntu gora egin du. Jeltzaleek behera egin dute. Arrasateko atentatuak eta bipolarizazioak kalte egin die.
Egun lasaia izan da domekakoa. Arazo txiki batzuk izan ezik (Antzuolan, esaterako, Hau ez da demokrazia
izeneko pankarta bat kendu zien ertzainek herritar batzuei).
Normaltasuna egubakoitzean hautsi zen, ETAk Isaias Carrasco
mondragoetarra, PSE-EEko zinegotzi ohia, hil zuenean. Egun bitan
Arrasate hedabide guztiek berbagai izan dute. Baina domekako eguna
ustekabekorik barik joan zen, oro har. Paskinak agertu ziren
boikoterako deia eginez lurrean eta hainbat hauteskunde kolegiotan.
Nabarmentzekoak:
- Sozialisten gorakada eta garaipena ibarrean; abstentzioaren gorakada, Hautetsi Independentisten deiari erantzunez;
eta EAJren beherakada, herri guztietan izan ez bada ere. Arrasaten,
Aretxabaletan eta Eskoriatzan sozialistak nagusitu dira; Bergaran,
Oñatin, Antzuolan, Aramaion, Elgetan eta Leintz Gatzagan EAJ nagusitu
da. Orain dela lau urte jeltzaleak nagusitu ziren ibarreko herri
guztietan.
-
Abstentzioa %50 baino handiagoa izan da 3 herritan. 22 puntu igo da
abstentzioa Debagoienean orain dela lau urteko hauteskundeekiko.
Hortaz, aktiboa izan da oraingoan abstentzioa.
Nabarmentzekoa, era berean, Sozialistak Euskal Autonomia Erkidegoan eta
Hego Euskal Herrian nagusitu egin direla. Nafarroan UPNk irabazi du,
baina beste hiru herrialdeetan PSE-EE izan da garaile.
Azpimarratzekoa, azkenik, datozen lau urteotan senatari debagoiendar
bat izango dugula Madrilen: Lorea Leanizbarrutia aretxabaletarra (EAJ).
Leanizbarrutia 1956ko urriaren 4an jaio zen. Ezkonduta dago eta bi
semeren ama da. Egun Donostian bizi da. Zuzenbidean lizentziaduna, eta
Irakaskuntzan diplomaduna. Euskara irakaslea. Oñatiko Txantxiku
ikastolako irakasle bezala hasi zuen (1975-1982). Gipuzkoako Foru
Aldundian Euskararen Normalkuntzako Zuzendari Nagusia izan zen.
Erantzunak
Egin login erantzunak uzteko