Itzuli

Aramaixo Baserri Barri elkartea sortu nahi dute nekazaritza indartzeko

2009-06-26 10:43:21 Arritxu Barruso

Udalaren asmoa da baserritarrak batu eta etorkizunean Aramaioko produktuen marka bat sartzea. Martitzenean bilera egingo dute proiektuaren berri emateko. Baserritarrei bilerara joateko deialdia egin die Udalak.

Aramaioko Udalak beti esan izan du herriko baserritarrei eta lehenengo sektoreari bultzada bat eman nahi diola. Helburu horretan kokatzen da, hain justu, Aramaixo Baserri Barri elkartea sortzeko proiektua. Herriko baserritarrak batuko dituen elkartea sortu gura dute. Helburuetako bat da etorkizunean Aramaioko produktuen marka bat sortzea. "Proiektua, oraindik ere, oso berde dago. Hasi besterik ez gara egin. Baina, argi daukaguna da Aramaion aukerak daudela bertako produktuak sortzeko eta horiek merkaturatzeko. Kalitatea badago eta eskaintza ere bai. Dena dela, proiektu hau gauzatzeko ezinbestekoa da baserritarrak batzea eta elkarlanean aritzea. Horixe litzateke Aramaixo Baserri Barri elkartearen helburu nagusia", azaldu du Jon Errasti Mendi eta Ingurugiro zinegotziak. Gaineratu du proiektua Udalak bultzatu duen arren, ikusi egin beharko dela, gero, nola eta nork kudeatuko duen elkartea.


Aramaioko Sagarzaleen Elkarteko kideek pozik hartu dute berria eta proiektua aurrera irteteko gogo handiz daude. "Uste dut Aramaiok horrelako zerbait behar duela. Lehenengo sektorearendako eta herriko baserritarrendako oso onuragarria izango da. Sagazaleak prest gaude edozertan laguntzeko", dio Juan Antonio Aretxaga Aramaioko Sagarzaleen Elkarteko presidenteak.

Bilera martitzenean

Udalak bilera egingo du martitzenean, 19:00etan pleno aretoan proiektua aurkezteko eta baserritar guztiak gonbidatu nahi ditu bertan izatera.

Erantzunak

Egin login erantzunak uzteko

Nabigatu euskaraz