Itzuli

Anger taldeak 'Sedukzioaz' laneko kantuak aurkeztu zituen

2009-11-29 23:18:44 Iker Barandiaran

Zapatuan izan zen aurkezpena, oraindik diskoak argia ikusi ez duen arren, Arrasateko Gure Leku tabernan. Taldea indartsu aritu zen eta jende asko batu zen kantu berriak entzutera.

Musakolako taldeak aldaketa txiki bat izan du epe luze honetan; hain zuzen ere, Little Little Much, Anal Bag eta bestelako proiektuetan aritutako Iban da bateria jotzaile berria.

Disko aurreko aurkezpena

Diskoa oraindik esku artean ez zuten arren, Sedukzioaz izeneko lan berria hasieratik bukaerara interpretatu zuten. Bistan denez, aurkezpena egiteko ez zuten leku handi bat aukeratu; horren ordez, gurago izan zuten Gure Leku tabernan lagun artean egitea; eta, jakina, taberna txiki gelditu zen.

Anger taldea hastapenetan metalaren alorrean gogor hasi zen, baina poliki-poliki musika ikuspegia zabaldu eta melodia gehitu diote emaitzari. Irekitze hori asko igarri zen Biluztu lanean, baina azken honetan gehiago areagotu da tendentzia hori. Hala, erritmoetan, batez ere, oraindik metalaren pisua eta indarra oso presente dauden arren, bestelako doinuak entzun daitezke. Horien artean, nabarmenak dira post-hardcorearen tenpo, iluntasun eta ezaugarri bereizgarriak; rockaren gero eta eragin handiagoak eta, zergatik ez, stoner kutsua ere.

Musikherriarekin elkarlanean kaleratu duten diskoa astean helduko da taldekideen eskuetara, eta, besteak beste, Durangoko Azokan eskuratzeko aukera ere izango da. Are gehiago, Durangoko Ahotseneak gunean ere kontzertua egingo dute asteburuan.

 

Erantzunak

Egin login erantzunak uzteko

Anger taldeak 'Sedukzioaz' laneko kantuak aurkeztu zituen Argazkia handitu

Nabigatu euskaraz