Uzt. 12, 2012, 4:20 p.m. Ubane Madera5 erantzun
Abiadura Handiko Trenaren obretan langile bat hil egin zen atzo Gesalibar auzoan. Antonio Alvarez Rodriguez, 55 urtekoa, Zamorakoa. Madrilen egoitza duen Tierra Armada S.A. enpresan lanean ziharduen.
Aramaio-Arrasate zatiari dagokion lanetan ziharduen, Atxetarriko tunelaren ahoan, ezbeharra gertatu zenean.
Ertzaintzaren arabera, 40 tonako hormigoizko pieza bat erori zitzaion gainera, dobela delakoa. 15:45ean gertatu zen istripua. Hasiera batean, helikopteroa bidali behar zuten, zaurituta zegoelakoan. Baina hilda zegoela jakin zutenean, bertan behera utzi zuten.
AVE Mondragon Aldi Baterako Enpresen Batasunari dagokio obra-zati horren ardura. Cavosa-Sacyr-Amenabar enpresek osatua da.
AHTko obretan, Euskal Herrian, hiltzen den seigarren pertsona da.
Gipuzkoako Foru Aldundiak bere "samina adierazi" du, eta "elkartasuna helarazi" die hildakoaren senitarteko, lagun zein lankideei.
AHTaren aurkako kordinadorak, bestalde, "Arrasaten AHTaren eraikuntza lanetan ari zen beste langile baten heriotza salatu" du.

Istripua gertatu den ibilbidearen zatia. Argazkia handitu
Erantzunak
Iban Arantzabal - Uzt. 12, 2012, 4:44 p.m.
Goienako bi kazetari daude bertan. Laster argazkia lekuarena. Tunelaren ondoraino joan dira, baina segurtasunagatik handik joateko eskatu diote kazetariei.
Ubane Madera - Uzt. 12, 2012, 5:41 p.m.
Lekukoek kontatutakoaren arabera, istripua izan den lekutik 500 bat metrora lanean segitzen dute, AHTren obra berean.
Iban Arantzabal - Uzt. 12, 2012, 6:47 p.m.
Arrasateko lan istripua dela-eta, Gipuzkoako Foru Aldundiaren adierazpena
Diputatu Nagusiaren Kabinetea
Gaur, Arrasaten, langile bat lan istripuan hil dela-eta, Gipuzkoako Foru Aldundiak honako hau jakinarazi nahi du.
1.Gipuzkoako Foru Aldundiak bere samina adierazi nahi du, eta elkartasuna helarazi nahi die hildakoaren senitarteko, lagun zein lankideei.
2. Gipuzkoako Foru Aldundiak argi adierazi nahi du lan osasunari lehentasuna emango dion lan harreman eta prebentzio eredu berria sortu behar dugula, eta eredu horrek lan duina eta segurua izan behar duela ardatz. Horretarako, ezinbestekoa da gizarte eta ekonomia arloko eragile guztiek eta administrazio publikoek batera eta norabide berean jardutea.
3. Egiturazko arazo honi aurre egiteko, funtsezkoak dira prebentzioa, prestakuntza eta lan segurtasun eta osasunaren kontrako delituen jazarpena. Norabide horretan lan egin behar dute, hain zuzen ere, gizarte eta ekonomia arloko eragileek eta erakunde publikoek.
4.Enpresei dei berezia egin nahi diegu lan segurtasun eta osasunari buruzko araudia zorrotz bete eta betearaz dezatela.
5. Lan prebentzioaren kultura bere langileen artean eta, oro har, gipuzkoar guztien artean zabaltzeko eta lan istripuei segimendua egiteko konpromisoa du Gipuzkoako Foru Aldundiak.
Amaia Txintxurreta - Uzt. 12, 2012, 7:11 p.m.
Hildako beharginak 55 urte ditu eta nazionalitate espainolekoa da. 40 tonako pisua erori zaio gainera eta bera da AHTko obretan hiltzen den seigarren pertsona.
Jokin Bereziartua - Uzt. 12, 2012, 9:15 p.m.
AHT Gelditu! Elkarlanak atera berri duen oharra, gaur arratsaldean Gesalibar auzoko obretan gertatutako istripua dela-eta:
AHT GELDITU! ELKARLANAREN PRENTSA OHARRA ARRASATEREN AHTaren ERAIKUNTZA LANETAN GERTATUTAKO LANGILE BATEN HERIOTZAREN HARIRA
AHT abiadura handiko trenaren lanetan ari zen behargin bat hil da gaur arratsaldean Arrasaten, Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak jakinarazi duenez. Hormigoi pieza bat gainera erorita zendu da, iturri haren arabera. 15:45ean gertatu da lan istripua, Gesalibar auzoan. Gizonezkoa da hildakoa.
AHT GELDITU ELKARLANAK, AHTaren aurkako kordinadorak Arrasaten AHTaren eraikuntza lanetan ari zen beste langile baten heriotza salatu nahi du. Berriz ere langile bat AHTaren eraikuntza lanetan hil da. Hori dela eta, makroazpiegitura hauetan lanean ari diren pertsonek jasaten dituzten baldintzez ohartarazi nahi dugu (amaigabeko lanaldiak, lan erritmo izugarriak, segurtasun planik eza, inmigranteen kontratazio beraien jatorrizko lan hitzarmenen baldintzen arabera,…).
Gizarteari jakinarazi nahi diogu AHTa lanpostu eta aberastasun iturri bezala saldu arren, horren atzean esplotazioaren antzekoa den lan prekario bat besterik ez dela gordetzen. Azken hilabeteotan AHTaren obretan gertatzen ari diren lan istripuei muzin eginez, proiektu honen bultzatzaile direnek, heriotza hauek ahaztu eta AHTa aberastasun eta diru sarreren iturri gisa justifikatzen jarraitzen dute. Ez dezagun ahaztu, gutxienez 6 langile hil direla AHTaren obretan azken urteetan, eta publiko egin ez dituzten istripuak ere gertatu direla.
Enpresarioen, eraikitzaileen eta bankuetxeen interes pribatuak babestea helburu duen azpiegiturak eraikitzeko politika jasangaitz honi berehalako amaiera eman behar zaio, izan ere, hauek bakarrik baitira AHTaren obretan interesa dutenak. Are gehiago, Estatu Española Europa mailan abiadura handiko kilometro gehien duen estatua izanik, langabezi tasa altuena duena eta etorkizunean ekonomia hazkundean aurrikuspen txarrenak dituena ere bada. Honek argi uzten du AHTa ez dela aurrerapena, aberastasuna eta ongizatearen iturri, baizik eta AHTa krisiaren, defizitaren eta lan esplotazioaren jatorri zuzena besterik ez dela.
Azkenik, obra gelditzea eta herriaren hitza errespetatzea exigitzen dugu. Era berean, hilketa hau salatzeko antolatu diren mobilizazioetan parte hartzeko deia luzatzen dugu.
Egin login erantzunak uzteko